
Behean sinatzen dugun gizarte, jai eta kultur eragile, eta herritarrak oro har,
honakoa adierazten dugu:
- 1.
- Euskal Herrian, eta higadurak higadura,
jaiaren zentzua bizirik dago eta agerikoa da
herritarrek jaiari erakusten dioten atxikimendua.
Egun, oraindik, herri honetako kulturaren oinarrian
dauden atabismo zabaleko ospakizunek bere horretan
diraute. Inauterietatik Sanferminetara,
Aste Nagusian zehar, jaia osasuntsu dabil.
- 2.
- Artista, musikari, idazle, konpartsa, peņa,
blusa, jai batzorde eta herri kulturan txertatuta
dauden gainontzeko eragileen zeregina jaia bere zentzu
osoan iraunaratzea da (errituak, zentzu iniziatikoa,
alaitasuna, elkartasuna, ironia, umorea, kritika,
heterodoxia, orgia, katarsia). Ez ditu protagonismo
edo kontrol asmorik mugiarazten jaiaren zentzu osoaren
partaide eta erantzule sentitzen direnean; adierazpen
askatasuna bere egin eta indarrean jartzen duten neurrian,
kultura sortzen dute, hau da jaia bera.
- 3.
- Aro eta sistima hau ez da egokiena jaia,
eta kultura oro har, gorde eta garatzeko. Haren
gainera jausten diren mehatxuak, tamalez, sobera
ezagunak dira: zentsura politikoa musikari, idazle,
artista, antolakuntza herritarrerako; merkatukeria,
ikuskizuna parte hartzearen kaltetan eta abar.
Alde horretatik, nabarmen utzi nahi dugu ezinbestekoa
dela herri partaidetza jaia eta kultura garatzeko,
hala nola instituzioekin antolakuntza partekatzea ere.
- 4.
- Ideologia eta pentsaera politiko anitzak
ditugulako -edo agian horri esker-, alderdi eta
instituzioen gako eta kontroletik kanpo aritzeak,
presiorik gabeko ikuspegia eskaintzen digu.
Ikuspuntu horretatik jaia bere osotasunean
iraunarazi eta garatzeko konpromisoa hartzen dugu,
kamustu edo alferrik galtzera eraman dezaketen
ekimenak saihestuz eta borrokatuz.
- 5.
- Dei egiten diegu herritarrei jaiaren antolakuntza,
kudeaketa eta jolasean parte hartzeko.
Guztion jarduna da jaiaren iraunarazpena eta garapena
bultzatzea, galera edo higadura saihestea,
eta herri kulturaren adierazpen guztiak errespetaraztea.
- 6.
- Azkenik, eta azaldutako guztiaren bidetik,
jaitik abiatuz eta esandako guztia kulturara hedatuz,
errotik arbuiatzen ditugu adierazpen askatasunaren
aurkako eraso guztiak, jaia eta kulturaren jazarpen
eta judizializazioa. Bide horretatik abiatzen direnak
ez dira duinak jaiaren antolakuntzan ez gizartean
ardurarik hartzeko.
Jai bizia, eta gizarte aske eta sortzailea nahi izanez gero,
ez dago beste aukerarik.
www.manifestua.org
Bilboko Konpartsak. Barrenkale Barrena, 9. 48005 BILBO. Fax / Tel: 94 415 71 90